Sunday, October 31, 2010

Alemaniako eguraldi freskoa

Ia hilabete bat argitaratu gabe. Desagertuta ibili naiz, egia da.
Alemanian egon naiz, Munichen hain zuzen. Bakarrik hiru egun eduki nituen hiria berriro bisitatzeko. Bai, berriro. Duela hamabi urte han egon nintzen eta izugarri gustatu zitzaidan, horregatik itzuli naiz.
Hiriak merezi du. Nahiz eta handia izan (1.5 milioi lagun bizi dira han) oso erosoa eta giro handiko lekua da.
Gainera, jendea oso atsegina da, orokorrean, eta erraz molda zaitezke Ingelesez.
Eguraldiaren aldetik, zer esango dut? Freskoa, hemen baino freskoagoa. Alpeak nahiko hurbil daude eta hori nabaritzen da. Egon nintzen egunetan denetarik eduki nuen: eguzkia, euria, haize boladak...
Baina gustora egon nintzen. Kirisialdiaren amaiera somatzen da, kaleak jendez betet zeuden, jantetxeeta jende pilo eta denda batzuetan sartzea ezinezkoa zen.
Herrialde horretan gustora sentitzen naiz. Alemaniera ikasi beharko dut, hurrengoan haien hizkuntzaz hitz egiteko gai izateko.

Friday, October 1, 2010

Gizon Aske Baten Ametsa

Duela hiru urte baino gehiago izan zen. Beraz, oso datu zehatzak ez baditut ematen, barkatu. Mintegi batean klase bat eman behar izan nuen: teknologia berriak hirugarren munduan. Gaia bitxia zen, eta baliagarria benetan. Batzuetan ez gara konturatzen, baina bizitzan erabiltzen ditugun teknologiak edonon aplika daitezke.
Mintegi hartan, satelite telefonoei buruz hitz egin nuen. Nik banekien proiektu batzuetan erabiltzen zirela, batez ere urrun dauden herrietan eta, orokorrean, leku isolatuetan (ez dugu hirugarren mundura joan behar horrelako kasuak aurkitzeko). Ikasleek azalpena entzun zuten. Askotan teknologia berria erabiltzea ez da hain zaila, bakarrik borandatea da beharrezkoa.
Klasea bukatu eta kafe bat hartzera joan ginen. Orduan, gizon bat hurbildu zitzaidan. Oso dotore jantzita. Afrikakoa zen. Ez dut ondo gogoratzen zein herrialdekoa zen, baina uste dut Nigeriakoa zela. Europan ikasitakoa zen. Bere esanetan, zorte handiko pertsona. Frantzian eman zuen hainbat urte, eta Euskal Herrian ere bizi izan zen.
Amets zehatz bat zeukan: bere herrialdera itzuli nahi zuen eta laguntza bilatu nahi zuen hango meategi batzuk berriro irekitzeko. Diamante meategiak, hain zuzen. Horrela jendeari lana eta aukera berri bat emango lioke. Baina, lehenengo eta behin, herrien garapena lortzeko, satelite komunikazio horiek erabili nahi zituen. Ea nola lortzen zen jakin nahi zuen. Nik egia esan nion: ez zela hain erraza, ezin zela lortu bakarrik antena bat jartzen.
Egia esan, nahiz eta bere plana nahiko arriskutsua zela pentsatu (Europako enpresak berriro herrietan sartu eta negozio hutsa bilatu), benetan espero nuen dena ondo ateratzea. Gizon horren begietan berriro ikusi ez dudan disdira somatu nuen egun hartan. Izugarria zen.
Berak ikasitakoa eta eduki zuen zorte ona bere herrialdeko jendeari laguntzeko erabili nahi zuen. Guk, ordea, gure buruari laguntzeko erabiliko genuke.
Besterik ez.
Gizon horren begietan ikusi nuen disdira zabal dadila.