Thursday, September 16, 2010

Euskalduntze Prozesu Luzea

Joan den astean Alemaniako bi pertsonekin lan egin behar izan nuen.
Horietako batekin nahiko ondo moldatzen naiz, eta Euskal Herriko hizkuntza zaharrari buruz hasi ginen hitz egiten.
Betikoa aipatu genuen, batez ere hizkuntzaren egoera. Eta, jaun andreok, Alemaniakoak esan zidan gure Euskera harro sentitzeko zerbait dela. Europako kulturaren parte garrantzitsu bat dela eta hala edo nola mantendu behar dugula komentatu zidan. Bere ustez, Euskera galtzekotan, guztion zati bat galduko dugu. Guztion zati bat. Ez bakarrik Euskaldunon zati bat, baizik eta gizaki guztiona.

Hala edo nola mantendu behar dugu. Horixe esan zidan.

Euskalduntze prozesuari buruz ez genuen ezer esan. Berak ez dakiena da, askorentzat, Euskera kurrikulumean aipatzekoa den zerbait dela. Niretzat ere hori izan zen behin. Baina, zorionez, ikuspuntuak aldatzen dira. Eta nire ustez ikuspuntuak aldatzeko tresnarik garrantzitsuena gure esku dago. Euskaldunon eskuetan dago tresna hori.

Hizkuntza bat ikasteko prozesua oso luzea da, baina hizkuntzarekin gozatzeko prozesua oso azkar barneratzen da. Kontua da helburuak aldatu beharko genituzkeela. Hizkuntza bizitzarako izan behar da. Beste herrialde batetik horrela ikusten badute, eta mantendu dezagun eskatzen badigute, Euskerari eman beharko genioke benetan duen garrantzia.

Abisua kanpotik etorri da oraingoan: gu gara munduko kultura zati honen babesle bakarrak. Harro sentitzekoa da, ezta?

Friday, September 10, 2010

XXI. Mendeko Pazientzia

Ia astebete ezer idatzi gabe...
Lan orduak amaiezinak izan dira...

Kalean nabaritzen da aipatutako urduria eta estresa. Mende berri honen ondorioa izango da. Askotan harrituta geratu naiz. Benetan arraroa egiten zait pertsona batzuen pazientzia eza. Behin gertatu zitzaidana aipatuko dizuet.
Autobus batean sartuta nengoenean, gidaria atera zen eta geltokira joan zen bidaiarien zerrendaren bila. Maiatza zen. Maiatzak 25ean edo gertatu zen. Bilbon. Bero sargoria. Gidari berria tokatu zitzaigun egun hartan, nahiko bidaia luzea egiteko gainera.
Autobusa ez zen berria, nola ez. Gezurra iruditu arren, Burgoseko herrietara joateko autobusak ez ziren hain erosoak, gutxienez garai hartan.
Bide luzea, errepidea bihurgunez beteta, sekulako beroa eta gidaria autobusetik kanpo irteteko ordua heltzear zegoenean. Termibus, arratsaldeko bost t'erdiak.
Gidari gaztea atera zenean, autobuseko atea itxi zuen, inor ez irteteko, edo inor ez sartzeko ordaindu gabe, batek daki. Kontua da, atea ixtean haize egokitua ez zuela piztu. Gidaria berria zen.
Autobus horretan agureak ziren gehienak. Bost minutu pasa eta gero beroa gehiegi nabaritzen zen. Agure bat altxatu zen eta garrasika hasi zen: hilko gaituzte txakurrak bezala! Batzuk ondo egin genuen: ixilik geratu ginen. Besteak ez.

Joera horiek edonon aurki ditzakegu. Guztiok presaka gabiltza, baina kuriosoa da: ez dugu aitortzen. Pazientzia eza arrunta da gure bizitzetan, eta normaltzat jotzen dugu gainera. Hemen gure arazoa: gure joerak aztertu behar ditugu? Bizitzari eskatzen dioguna aldatu behar dugu?
Agian daukagunarekin gehiago konformatu beharko genuke, edo ez...

Bost minutu horiek autobus baten barruan nahikoak izan ziren. Urduria agurengana ere heldu da. Baina mundua ezin da moteldu. Beraz, guk erabaki behar dugu noiz mozten dugun gure adaptazio prozesua.
Abiadura propioa aurkitzea, hori da gakoa.

Wednesday, September 1, 2010

Udako argazkiak eta gogoratzeko harriak

Urtean zehar gehien gustuko ditugun hilabeteak bukatu dira. Egia da, oraindik irailean gaude, eta uda ez da bukatu. Baina geratzen denak bakarrik pasatu dugun garaia gogoratzeko balio izango du.
Gehienok lanean hasi gara berriro. Berehala kaleak autoz beteta egongo dira, umeak eskolara itzuliko dira eta estresa nabarituko dugu errepideetan, kalean...
Udako argazkiak eta oroitzapenak besterik ez zaizkigu geratuko.
Besterik ez?
Oroitzapenak garrantzitsuak dira (horregatik sortu da blog hau). Baina ez bakarrik oroitzapenak. Ezagutu dugun jendea, eta duela urte batzuk ezagututakoa, geratzen da. Batzuk bakarrik memoriak izango dira hilabeteak pasa ahala. Besteak gure alboan geratuko dira.
Nik maiz ematen diet birpasotxo bat udako argazkiei, eta beti etortzen zait irribarre eder bat aurpegira. Lagunen arteko udako bizipenak ederrak izan dira. Eta urtean zehar argazkiak han egongo dira lagunak gogorarazteko.
Askotan, neguan edo, horrelako argazki bat berriro ikusten dudanean telefonoa hartzen dut eta aspaldiko lagun batekin hitz egiten dut, edo bidaltzen diot mezu bat. Neguko hotza hezurretaraino heltzen zaigunean, hori egiteak zentzu handia dauka.
Bai, egia da, uda pasa da. Baina udako beroa mantendu ahal izango dugu. Bakoitzak nahi duena erabil dezala. Argazkiak agian ezin ditugu edonora eraman. Beraz, nik pasa den astean harri txiki bat aukeratu nuen eta orain patrikan eramaten dut egunero.
Eskua poltsikoan sartzen dudan bakoitzean, nire harrixka han dago, eta ukitzen dudanean bakarrik gauza onak gogoratzen ditut.
Espero dugu aurtengo udazkeneko hotza ez dadila hain hotza izan.