Friday, October 1, 2010

Gizon Aske Baten Ametsa

Duela hiru urte baino gehiago izan zen. Beraz, oso datu zehatzak ez baditut ematen, barkatu. Mintegi batean klase bat eman behar izan nuen: teknologia berriak hirugarren munduan. Gaia bitxia zen, eta baliagarria benetan. Batzuetan ez gara konturatzen, baina bizitzan erabiltzen ditugun teknologiak edonon aplika daitezke.
Mintegi hartan, satelite telefonoei buruz hitz egin nuen. Nik banekien proiektu batzuetan erabiltzen zirela, batez ere urrun dauden herrietan eta, orokorrean, leku isolatuetan (ez dugu hirugarren mundura joan behar horrelako kasuak aurkitzeko). Ikasleek azalpena entzun zuten. Askotan teknologia berria erabiltzea ez da hain zaila, bakarrik borandatea da beharrezkoa.
Klasea bukatu eta kafe bat hartzera joan ginen. Orduan, gizon bat hurbildu zitzaidan. Oso dotore jantzita. Afrikakoa zen. Ez dut ondo gogoratzen zein herrialdekoa zen, baina uste dut Nigeriakoa zela. Europan ikasitakoa zen. Bere esanetan, zorte handiko pertsona. Frantzian eman zuen hainbat urte, eta Euskal Herrian ere bizi izan zen.
Amets zehatz bat zeukan: bere herrialdera itzuli nahi zuen eta laguntza bilatu nahi zuen hango meategi batzuk berriro irekitzeko. Diamante meategiak, hain zuzen. Horrela jendeari lana eta aukera berri bat emango lioke. Baina, lehenengo eta behin, herrien garapena lortzeko, satelite komunikazio horiek erabili nahi zituen. Ea nola lortzen zen jakin nahi zuen. Nik egia esan nion: ez zela hain erraza, ezin zela lortu bakarrik antena bat jartzen.
Egia esan, nahiz eta bere plana nahiko arriskutsua zela pentsatu (Europako enpresak berriro herrietan sartu eta negozio hutsa bilatu), benetan espero nuen dena ondo ateratzea. Gizon horren begietan berriro ikusi ez dudan disdira somatu nuen egun hartan. Izugarria zen.
Berak ikasitakoa eta eduki zuen zorte ona bere herrialdeko jendeari laguntzeko erabili nahi zuen. Guk, ordea, gure buruari laguntzeko erabiliko genuke.
Besterik ez.
Gizon horren begietan ikusi nuen disdira zabal dadila.

No comments:

Post a Comment