Thursday, September 16, 2010

Euskalduntze Prozesu Luzea

Joan den astean Alemaniako bi pertsonekin lan egin behar izan nuen.
Horietako batekin nahiko ondo moldatzen naiz, eta Euskal Herriko hizkuntza zaharrari buruz hasi ginen hitz egiten.
Betikoa aipatu genuen, batez ere hizkuntzaren egoera. Eta, jaun andreok, Alemaniakoak esan zidan gure Euskera harro sentitzeko zerbait dela. Europako kulturaren parte garrantzitsu bat dela eta hala edo nola mantendu behar dugula komentatu zidan. Bere ustez, Euskera galtzekotan, guztion zati bat galduko dugu. Guztion zati bat. Ez bakarrik Euskaldunon zati bat, baizik eta gizaki guztiona.

Hala edo nola mantendu behar dugu. Horixe esan zidan.

Euskalduntze prozesuari buruz ez genuen ezer esan. Berak ez dakiena da, askorentzat, Euskera kurrikulumean aipatzekoa den zerbait dela. Niretzat ere hori izan zen behin. Baina, zorionez, ikuspuntuak aldatzen dira. Eta nire ustez ikuspuntuak aldatzeko tresnarik garrantzitsuena gure esku dago. Euskaldunon eskuetan dago tresna hori.

Hizkuntza bat ikasteko prozesua oso luzea da, baina hizkuntzarekin gozatzeko prozesua oso azkar barneratzen da. Kontua da helburuak aldatu beharko genituzkeela. Hizkuntza bizitzarako izan behar da. Beste herrialde batetik horrela ikusten badute, eta mantendu dezagun eskatzen badigute, Euskerari eman beharko genioke benetan duen garrantzia.

Abisua kanpotik etorri da oraingoan: gu gara munduko kultura zati honen babesle bakarrak. Harro sentitzekoa da, ezta?

No comments:

Post a Comment