Friday, September 10, 2010

XXI. Mendeko Pazientzia

Ia astebete ezer idatzi gabe...
Lan orduak amaiezinak izan dira...

Kalean nabaritzen da aipatutako urduria eta estresa. Mende berri honen ondorioa izango da. Askotan harrituta geratu naiz. Benetan arraroa egiten zait pertsona batzuen pazientzia eza. Behin gertatu zitzaidana aipatuko dizuet.
Autobus batean sartuta nengoenean, gidaria atera zen eta geltokira joan zen bidaiarien zerrendaren bila. Maiatza zen. Maiatzak 25ean edo gertatu zen. Bilbon. Bero sargoria. Gidari berria tokatu zitzaigun egun hartan, nahiko bidaia luzea egiteko gainera.
Autobusa ez zen berria, nola ez. Gezurra iruditu arren, Burgoseko herrietara joateko autobusak ez ziren hain erosoak, gutxienez garai hartan.
Bide luzea, errepidea bihurgunez beteta, sekulako beroa eta gidaria autobusetik kanpo irteteko ordua heltzear zegoenean. Termibus, arratsaldeko bost t'erdiak.
Gidari gaztea atera zenean, autobuseko atea itxi zuen, inor ez irteteko, edo inor ez sartzeko ordaindu gabe, batek daki. Kontua da, atea ixtean haize egokitua ez zuela piztu. Gidaria berria zen.
Autobus horretan agureak ziren gehienak. Bost minutu pasa eta gero beroa gehiegi nabaritzen zen. Agure bat altxatu zen eta garrasika hasi zen: hilko gaituzte txakurrak bezala! Batzuk ondo egin genuen: ixilik geratu ginen. Besteak ez.

Joera horiek edonon aurki ditzakegu. Guztiok presaka gabiltza, baina kuriosoa da: ez dugu aitortzen. Pazientzia eza arrunta da gure bizitzetan, eta normaltzat jotzen dugu gainera. Hemen gure arazoa: gure joerak aztertu behar ditugu? Bizitzari eskatzen dioguna aldatu behar dugu?
Agian daukagunarekin gehiago konformatu beharko genuke, edo ez...

Bost minutu horiek autobus baten barruan nahikoak izan ziren. Urduria agurengana ere heldu da. Baina mundua ezin da moteldu. Beraz, guk erabaki behar dugu noiz mozten dugun gure adaptazio prozesua.
Abiadura propioa aurkitzea, hori da gakoa.

No comments:

Post a Comment